XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aranburuko harrobia egitearen alde Añorgako auzotar eta talde batzuk

A.O. / DONOSTIA

Aranburu harrobiaren alde azaldu ziren Cementos Rezolako langile eta Añorgako (Gipuzkoa) auzotar eta taldeen ordezkariak atzo.

Satur Telletxea, Juan Idiakez, Jesus Ijurko eta Ezequiel Illarramendi ziren atzo Añorgan emandako prentsaurrekoan.

Azken asteotan komunikabideetan agertutako informazioak minduta daudela esan zuten.

Asko idatzi da Aranburuko harrobiei buruz, eta esan diren gauza guztiekin ez gaude ados zehaztu zuten.

Aranburuko harrobia egitearen alde hitzegin zuten lau kideek.

Gipuzkoan dagoen porlan lantegi bakarra Cementos Rezola dela eta beraz, lantegiak bere betiko martxan segi behar duela zehaztu zuten.

Harrobia egitea proiektatua dagoen leku berean, golf zelaia eta Miramongo parke teknologikoa egiteko asmoa ere badago.

Beraiek esan zutenez, ez dute golf zelaiaren edo Miramongo parkearen eraikuntza oztopatuko, bi hauez gain, harrobia ere egin daitekeelako.

Lantegiak, kutsadura eta ekologia arloan indarrean dauden arautegi guztiak sobera betetzen dituela adierazi zuten.

Filtrazio sistema amerikarra ezarri da lantegian duela gutxi eta Espainia osoan dagoen bakarra da.

Lantegi gehientsuenek dituzten filtro elektroestatikoak ordezkatu egin ditugu esan zuten.

Beraz, kutsadura eta herritarrengan sortzen diren molestiak izugarri gutxitu direla gaineratu zuten.

Amaitzeko, Añorga auzoa lantegiari esker garatu dela zehaztu zuten.